Qué es T-festa

T-festa artea eta kamisetak lantzen dituen plataforma bat da, eta arte-adierazpen berriak ezagutzera ematea du xede. Bide bat eman nahi die artistei eta diseinatzaileei, beren laneko hainbat alderdi erakuts ditzaten.

T-festa sortzeko jatorrizko ideia eta desira beharrizan baten ondorioa izan dira: parte hartzeko moduko ekitaldi bat sortu nahi genuen, gure gustuko ezaugarriak izango zituen jaialdi bat. 2011. urtean, Rosa Parmak eta Laura Fernández Condek lanari ekin genion plataforma hori sortzeko; eta, 2012ko ekainean, Pernan Goñik kudeatze-lanetan ziharduela, lehen T-festa jaialdia egin genuen (Art T-shirt Festival) AlhóndigaBilbaon. Lau egunetan, web orritik egindako deialdi publikoaren bidez hautatutako 30 artistaren lana egon zen ikusgai, eta, horrez gain, kontzertuz, tailerrez eta hitzaldiz betetako programazioa osatu genuen.

Lehen jaialdi horren ondoren, bigarren edizioa etorri zen 2014. urtean, eta, gero, lanean jarraitu genuen hurrengo edizioak prestatzeko. Era horretan, bi urtez behingo jaialdi gisa hasi zen finkatzen, gure baliabideen eta jaialdiak berak zituen beharren eta erritmoaren arabera.

Jaialdiarekin batera, proiektua handitzen eta dibertsifikatzen joan da, programazio paralelo baina jarraituago eta laburrago batekin. Izan ere, Puerta espazioan, T-festak antolatzen dituen bestelako ekimenen aurkezpenak ikus daitezke. Jarduera horietan, artistei zuzeneko gonbita egiten diegu, gurekin lan egin dezaten: T-festa OPEN eta T-festa Cita, hezkuntza-tailerrak edo elkarlanak, eta beste erakunde batzuekin -Zarata Fest edo Bilbao Art Districtekin- diseinatutako programazioak eta ekitaldiak.

T-festa proiektu artistiko prozesuala da, etengabe ari da aldatzen, eta bilakatuz doa pixkanaka, gu geu aldatzen gara heinean. Plataforma intuizioz eta emozioz eraiki da, DIY eta feminismoaren parametroei jarraiki. Haren bidez, ahalegina egiten dugu kamiseta edo tixertaren gainean gauzatutako sorkuntza artistikoa eta bidetik azaltzen diren bestelako kezkak agerian jartzeko.