T-festa #03: jakingarri batzuk

T-festa (Art T-shirt Festival) izenekoaren hirugarren edizioa Donostiako Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroan izan zen 2016ko uztailaren 15, 16 eta 17an. Hautatutako 30 artista eta kolektibok kamiseten gainean egindako proposamen artistikoak erakutsi zituzten erakusketa eta showroom banatan. Horrekin batera, programazio oso bat izan zen kontzertu, DJ eta hezkuntza tailerrekin.

Nabarmendu behar da jaialdia baino lehen deialdi publikoa egin zela, aurreko edizioetan bezalaxe, parte hartuko zuten artista eta diseinatzaileak aukeratzeko. T-festako antolakuntzak hartu zuen bere gain ardura hautatze prozesuko epaimahaia biltzeko -edizio bakoitzean aldatzen da-. Oraingo honetan, epaimahaikide izan ditugu Larraitz Torres (Analphabet Orchestra proiektuaren sortzailea den artista), Iñaki Garmendia (artista), Marc Vives (artista, Nauestruch Sabadell egonaldi programaren arduraduna eta GRAFeko zuzendari-kidea), T-festako bi zuzendariekin batera: Laura Fernandez Conde eta Rosa Parma.

Marka independenteen artean, ondorengo hauek hautatu genituen: Arriguri, Animal Culture, Diego Matxinbarrena, Gernike, Hibernando, La Tourette, Marta 9 Ezquerro, Uhaina Surf&Art eta Riot Flesh.

T-festa #03 Tabakalera kultura garaikidearen nazioarteko zentroko patio-aretoan lekutu zen; espazio irekia eta argia da. Gorka Eizagirrek hartu zuen bere gain altzariak diseinatu eta espazioan kokatzeko ardura. Espazioaren erdia kontzertu, tailer eta kamiseten erakusketa gune bezala atondu zuten; horretarako, zurezko modulu batzuk erabili zituzten gurutze bat osatzeko: kamiseten erakusketa kokatu zuten bertan. Beste erdian marken gunea antolatu zuten. Erakustokietan sare-sistema bat zegoen kamisetak zintzilikatzeko eta mahai edo erakusmahai erako modulu pare bat ere bai. Marka bakoitzak nahieran muntatu zuen bere erakustokia: Diego Matxinbarrenak eskultura batzuk txertatu zituen bere kamiseten artean, Gernikek josteko makina ekarri zuen eta Arrigurik esekitoki apaina muntatu zuen adar eta sokekin, bere jantzien estetikarekin eta bere filosofiarekin bat zetorrena.

Ekitaldiko programazioari zegokionez, egun bakoitzean DJ gonbidatu bat entzun zitekeen. Ostiralean Les Alsborregach (technoa), larunbatean Crazy Palmera (Lehior Bilbao artistaren alter ego musikala) eta igandean Esther Sound Sister aritu zen disko jartzen (reggaea, funka, soula, hip-hopa, afroa).

Eguneroko DJ gonbidatuaz gain, larunbatean nahiz igandean neskek osatutako bi bandaren kontzertuekin gozatu ahal izan genuen. Lehenengoa, Elbis Rever, Natalia Vegas eta Alba Burgosek sortutako techno-pop soinuarekin, eta bigarrena Colombina’s, Sandra Cuesta eta Larraitz Torresek osatutako banda, kantu elkarlotuekin.

 

Horrez gain, egun horietan doako bi kamiseta tailer izan ziren ikasi nahi zutenentzat. Halaber, gerrilla-serigrafia topaketa ere izan zen Hibernandorekin, bai eta biniloa ebakitzeko tailerra ere Summer Labsekin elkarlanean (maker kulturaren inguruan udaleku bat egin zuten eta plantxa termikoa nahiz euren jakinduria partekatu). T-festan Sahatsa Jauregi artista ere lankide izan genuen.

Guztia gogoratu ahal izan dezazuen, edo bertaratu ez zinetenok lehen aldiz ikus dezazuen, harrez gero bildu, editatu eta webera igo dugun material piloa utzi dizuegu eskura. Horrez gain, parte hartu zuten artista eta marken informazio guztia daukazue, baita webean ere; era berean, badira ekitaldiko bideo, podcast eta argazkietarako estekak ere (Jorge Nuñez, Luis Gonzalez eta James McSherryk eskainita).

Eskerrak eman nahi genizkieke parte hartu zuten artista eta marka guztiei, nola hautatu zituztenei, hala deialdian parte hartu zutenei ere orobat. Beste hainbestean, eskerrik asko T-festan nolabait lagundu duzuen guztioi, eta, jakina, ekitaldiarekin gozatzera hiru egunetan zehar noizbait bertaratu zineten den-denoi.

T-festa #03 honako hauei esker egin ahal izan da: Tabakalera (lekua utzita eta ekitaldia koordinatu eta komunikatzeko erraztasunak emanda), Bilbotex S. L. (deialdiko kamisetak ekoitzita) eta Eremuak (ekitaldiaren ekoizpena).

Baina, batez ere, T-festa egin ahal izaten da gogo bizia dugulako kamiseta bakanak, politak, zatarrak, bitxiak eta, zenbaitetan, ezinezkoak ikusi, egin, erakutsi eta janzteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*