Bulbasaur: Feminismoa publiko berriengana eramaten

07-Bulbasaur_MariaPTQK
testua: Maria Ptqk.

Urtarrilaren 17an, Andrea Alvarado Vives, Blanca Mir eta Mirena Ossorno Bulbasaur fanzine feministaren sortzaileek T-festaren gonbita jaso zuten aurkezpen bikoitza egiteko: fanzinearen 4. zenbakia, batetik, eta Mirena Ossornok jaialdirako berariaz diseinatutako kamiseta, bestetik. Abagunea da, beraz, haien egitasmoa hobeto ezagutzeko: Bartzelonan sortu zuten 2012an, eta, harrezkero, urtean bi argitalpen kaleratu dituzte. Sortzaileen helburua argi egon da hasieratik: kultura feminista bultzatu eta publiko berri batengana hurbiltzea.

“Gure inguruak ez gintuela ondo ulertzen sentitzen genuen”, gogoratu dute. “Plataforma bat sortu nahi genuen zertarako eta feminismoa gizarte-mugimenduen eta akademiaren gune klasikoetatik atera eta beste publiko batzuei ezagutarazteko, politika eta kultura nahasiz, hizkuntza ulergarriaz, eta oreka bat bilatuz dibulgazio-artikuluen eta espezializatuagoen artean. Hau oso garrantzitsua da: ez jotzea segurutzat jendeak badakiela zertaz ari zaren. Eta jakin badakigu horrek lagundu diola fanzinearen arrakastari”. Euren ustez, argitalpenekin batera ekitaldiak eta jarduerak (tailerrak, kontzertuak, hitzaldiak) antolatzeak ere lagundu du; ekitaldi eta jarduerekin topaleku informala eta desinhibituak egin nahi izan dituzte. Fanzinearen 2. zenbakirako, esaterako, topalekua Hangar arte-zentroa izan zen, eta emakume danbor-joleei buruzko Tom Tom Magazine New Yorkeko aldizkariarekin batera antolatu zuten.

Lana antzean banatzen dute zenbaki guztietan. Andreak feminismoaren eta genero-politiken gaineko artikuluak idazten ditu, “eragilearen jarreraren ikuspuntutik”; Blancak eta Mirenak, berriz, alderdi bisualari (komikiak eta ilustrazioak) heltzen diote eta txandaka fanzinearen azala diseinatzen dute. “Gure ikuskerak elkarren osagarriak dira”, nabarmendu du Andreak. Hirukote sortzaileari era askotako kolaboratzaileak batzen zaizkie: testuak eta material grafikoa jartzen dituzten gizonak eta emakumeak. Bikain aukeratutako edukiak dira horren emaitza, abileziaz adierazten dute-eta kultura feministaren gaur egungo lurraldeko makina bat sentsibilitate eta arazo.

Bulbasaur fanzinearen apustuaren zati handi bat estetikaren aldekoa izan da, horrekin “aldendu gura dute riot grrrl eta do-it-yourself feministaren irudi tipikotik”, eta, aldi berean, itxura ez hain estereotipatua azaldu. Apustuaren beste zati bat, askoz ere erabakigarriagoa, elkarrizketak dira, sakonak eta zainduak, komunikabide sendotu askoren adinekoak. “Elkarrizketetarako ez daukagu profil zehatz bat”, argitu du Mirenak, “beste edukietan ez bezala, hemen ahalegina egiten dugu protagonistak emakumeak izan daitezen. Ibilbidea duten emakumeak, euren kontraesanei eta bizi-sasoiei buruz hitz egin dezaten, bilakaera bat izan dutenak, euren ibilbideaz ikasteko aukera emango digutenak”. Orain arte, pentsatuko ez genituzkeen pertsonaiak izan dituzte, esaterako Nathalie du Pasquier eta Veronica Forque. Azken zenbakian ere halakoak baditugu. Indar handiko bi desku-hartze daude, fanzinearen espiritua ondo adierazten dutenak: popa eta handinahia, aldi berean. Lehena Christina Rosenvinge eztabaida-sortzailea da, eta ahoan korapilo barik hitz egin du. Ez du zalantzarik bere iritzia emateko indie-n genero-diskriminazioari buruz ezagun egin den polemikaren gainean (Diagonal egunkariko “Machismo gafapasta” artikuluak sortu zuena), eta ez dio ihes egin gaur egungo amatasunaren gai labainkorrari ere. “Moda-aldizkari batek eskaintza egin zidan azalean nire semeekin agertzeko, amaren eguna zela-eta. Neuk, ostera, proposatu nien kontatzen ez den horri buruz izatea. Burua zorriz josita, etxea hankaz gora, etxeko lanak egin barik, umeak borrokan, eta zuk, bien bitartean, afaria erre duzu, kantu bateko leloa grabatzen ahalegintzen zarelako (…). Ez zitzaien ondo iruditu. Famatuek normalean erakusten duten irudi faltsua nahi zuten. Umeak apain-apain, ama erabat sasoitsu, lanbidea eta familia bikain uztartzen dituena, eta dioena: ‘Amatasuna da gertatu zaidan gauzarik onena’. Ez dut ipuin miragarri horretan parte hartu nahi”.

Fanzinearen 4. zenbakiko bigarren elkarrizketa Nancy Fraser iparramerikar eragileari egin diote, eta, beste gai batzuen artean, ekonomia feministatik heldu dio gaur egungo krisiari. Nahiz eta azterketa ekonomiko hutsa beharrezkoa izan, Fraserrek nabarmendu du ez dela nahikoa egoera orobat ulertzeko, eta begirada holistikoaren alde egin du, errealitateak dituen mailak biltzeko gai dena (horri sekzioartekotasuna esaten zaio, hizkera feminista teorikoan). Hala, Fraserrek gizartearen birsorkuntza nabarmendu du, biziari eta lan-indarraren produkzio materialari eusteko jarduerak, orokorrean ikusiezinak eta emetu egin direnak: umeak eta nagusiak jagotea, seme-alaben hezkuntzaren eta osasunaren ardura, eta, jakina, paradigma etxeko lana da, baina ez da horretara mugatzen. Krisiaren alderdi politikoari ere heldu dio (eskubideak eta askatasuna galtzea eta demokrazia-printzipioak higatzea) eta alderdi ekologikoari ere bai (gaur egungo garapen-ereduak natura-baliabideak ustiatzea). “Krisiaren hainbat joera ikusten ari gara, eta niri interesatzen zaidana da joera guztiak lotzea teoria kritiko batean, ikuspegi politiko sakonago batean, denak bere baitan hartzen dituena”, ondorioztatu du.

Hori ez da dena, ordea. Bulbasaur fanzinearen 4. zenbakian Monica Quesada sexu-terapeutak “plazera izateko eskubideaz” idatzi du; Brigitte Vasalloren Pornoburka. Desventuras del Raval y otras f(r)icciones contemporáneas liburuaren berri eman da, hau da, Raval auzoko bazterketa-esperientzietan oinarritutako liburuaz; Andrea Alvaradiren artikulu bat dago, ekintza positiboko neurriei buruzkoa, feminismoaren barruan eta kanpoan eztabaida piztu dute-eta; La Dinamitera-ko sortzaileetariko bat den Emma Fernandez Parcerisaren artikulu bat ere bada, arte-zirkuituetako emakumeen betiereko bazterketaz; Trina Robbins AEBetako adierazle nagusietakoak gogoan hartu ditu hango komiki undergroundeko egileak, gaiari buruzko hamar bat azterketa idatzi baititu Robbinsek; eta Bravas fanzineak Helke Sander zinemagileari buruz idatzi du, Wenders, Herzog eta Fassbinder-ekin batera Alemaniako Zinema Berriaren erreferentea baita Sander, Frauen und Film aldizkaria ere sortu zuena, zinema feministari buruzko Europako lehena, 1974tik 1981era argitaratu zena. Horrekin batera ditugu Begoña Garcia-Alen, Monstruo Espaguetti, Ferestec eta Ana Glavañ-en kolaborazio grafikoak, eta, ohikoak, Mirena Ossorno eta Blanca Mirorenak. Hain zuzen, Blanca Mirok “Sex and the City” berrikusi du, feminist cult bertsioan; bertan islatu du zer gertatuko litzaiokeen telebistako telesail ezaguneko protagonistari, kapitalismoaren eta (ai!) patriarkatuaren arteko lotura intimoa aurkituko balu.

Laburbilduta: Bulbasaur fanzine on horietako bat da, azpimarratzeko, bildumatzeko, murgiltzeko edota lotzeko gogoa eragiten duena, arian-arian fan-talde txikia eratzen duena, eta, desagertzean, faltan dituzun horietakoa. Horrelako fanzine bat.

01-bulbasaur-ordenandocamis

02-mesa-color

03-aurkezpena

04-aurkezpena3

05-lasbulbas

06-equipo-bulbaT-festa

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*