(GEMA)

testua: Elena Medizabal
Esan behar dut zaila egiten zaidala Gemaren lan artistikoaz hitz egitea, Gema lan artistikotik banatzen badut; eta, era berean, esan behar dut, bere lanei begiratzen diedan bitartean, are eta garrantzitsuago iruditzen zaidala bere hitzak gogoan hartzea T-festako aurkezpenean. Gainera, argazkiei begiratzean, igartzen dut lanei diedan maitasuna haziz doala, baina are misteriotsuagoak iruditzen zaizkit tituluak eta oharrak. Izan ere, askotarikoak dira, eta asko eta askotarikoak dira haietako erreferentziak. Literatura, zinema, pintura, historia, eguneroko bizitza… keinu kulturalak eta enigmak, hitzetan kodetuak; horiekin, baten bati irribarrea zabalduko zaio eta bere birikak are gehiago zabalduko zaizkio arnasa sakonago hartu duelako. Izan ere, plazera eman die eskulturek, argazkiek eta marrazkiek adierazten dituzten trazuen eta tratuen leuntasunak, argitasunak eta maitasunak.

Gemaren ezaugarri bi nabarmendu beharko banitu, nabarmendu nituzke aurrez aurre erakusten dituen bizitasuna eta indarra, egiten duen guztian eragina dute-eta. Nire ustez, bere dohaina da egiten duen guztiak esanahi berezia hartzen duela, dela museo baten begiralea izateak, dela film bat kudeatu eta zuzentzeak; egiten duen horrek esanahi berezia du, eta zehatza eta dirdiratsua da egiten duenaren muga, hondo baten gainean dagoen figura bat bezala, eta hondo hori teknikoa eta existentziala da. Horrela izan dadin, bere arreta diziplinatu, arautu, metodiko osoa, bere artista-izaera, eskaintzen dio. Arduraldi bizia, eta ia makinikoa, du, osorik konprometitzen baita, eta badirudi, horri esker, horretatik aldendu daitekeela, zerbait objektibo bezala ikus daitekeela, bere izaeran eragina duena eta eztabaidaezinezko banakotasuna ematen diona.

Gema eta biok belaunaldi ia berekoak gara. Ia esan dut 80ko hamarkadako artistatzat dudalako neure burua, eta Gema 90ekoan kokatzen dudalako. Honela ikusten dut nik 90eko hamarkadako artea: hotza, zehatza, objektuala eta objektibatua… minimalismoaren, poparen eta arte kontzeptualaren oinordekoa. Arte horretan, sarri errealitateko gauzak, kategorizatuak, tasun egonkorrak dituzten laburpenetan definituak, erreferentzia egonkorrak dira, eta, aldi berean, nahasiak. Artistek, berriz, horrekiko ezberdintasunak adieraz ditzakete, euren jardunean lan egiteko modu bihurria izan dezakete, dramatismorako joera urriko kutsu punk eta arinarekin. Eta hortik asko du arte aratz eta objketualki legitimatu horrek: arte horrek, gauza den neurrian, gauzatzeko eta itxura emateko eskabideak ditu, eta horiek aukera ematen dute prozesuak sistematizatzeko eta artea objektuen eta diseinu-prozesuen arrazionaltasunetik hurbil dagoela sentiarazteko.

Gogorra, dirdiratsua, ordenatua, zehatza, geometrikoa, errepikakorra, aratza eta baliotsua diamantearen tasunak dira. Artea zuhaitzak ezkurrak ematen ditu, eta Gemak artea egiten du. Lan bakoitza, erronka bat; lan bakoitza, behar kontzentratua, eta lan bakoitza, misterio bat. Bere lanak ikusten ditudanean sortzen zaidan galdera, erretorikoa baino, esentzialagoa da: Artea da? Gemaren lanak mugetan daude eta ez daude diziplina bakar baten barruan ia inoiz, edo ez behintzat denbora batetik hona; eta, hala ere, ondo ezagutzen ditut bere lanean eskulturaren berezko lakonismoa eta zinemaren amets-irudia. Artea al da zirkulu itxura emanez zeloa behin eta berriz itsastea, gero eta handiagoa eginez, eskultura bat egiteko? Ez dago ezelako irudikapenik, ez dago konposiziorik ez aukeratutako itxurarik, biltzearen biltzeaz sortutakoa baino ez, ekinaren ekinez sortzen dena baino ez. Baina hori da egitearen funtsa, sortzea, beste helburu barik, itxura bat, aurrez ikus daitekeena baina aldi berean bakarra. Gemak horixe aukeratzen du, eskultura sortzea ez den beste guztia baztertzen du, beste helbururik gabe. Hori guztia da, otutzen zait, lan hau arte hutsa egiten duena. Eta Gemaren lanean beti dago keinuari uko egiten dion osagaia; egitekoaren, artelanaren, zerbitzura jartzen du bere burua. Eta horrela, iruditzen zait berarentzat artea zelanbait patuaren bihurrikeria dela, edo baieztapen ironiko bat, bere burua zerbait jasoagoagatik justifikatzen duena, eta zerbait hori Gema gorabehera existitzen dela: argia eta sendoa bada, ekintza artera iritsiko da; konfiantzarekin sinesten du hori, itxuraren eta zentzuaren objketibitatea duen eta sostengatzen duen pasio handiz.

Gemari entzuten diodanean, bere barrea gustatzen zait, zelan egiten duen barre kontuez, bere buruaz, eta bizitzaren gorabeherez, igarri egiten duela zer den arbitrarioa eta zer zorizkoa. Bere lanez hitz egiten dudanean, gustatzen zait zelan ferekatzen duen xehetasun bakoitza, gertaera bakoitza, hartu dituen erabakien arrazoia, aukeratu duen esaldia, zelan errespetatzen eta duintzen duen bere singulartasuna. Tematia da bizitza, esperientzia; misterioa dago, eta horri errespetu handia diola sumatzen dut; azaldu ezina baita, esaldi ezagunean sartzen ez den hori, itzulpenik edo sintesirik onartzen ez duen hori; dena da, den hori da, eta ezin da areago murriztu; paperean jartzen den hori, eta berak bakarrik daki zelan heldu den horra. The runner’s cut azken erakusketan, testuak jarri dizkigu, eta ikustearekin batera, ulertu nahi ditut, diskurtsoa ikusi nahi dut, baina ez!…. ezinezkoa da: ez da nobela bat, ezta poesia ere, nahiz eta lehenengotik baduen; kontua da, betiko moduan, artelanak gozarazi egiten digula eginda egotea eta bere presentzia fisikoa, eta hemen, tipografia da, fina eta garbia, kristal baten marraketa zelan. Berriro ere orokorrarekiko desberdintasuna, banakotasunaren baieztapena.

gema-presentacion-lowpresentación_GEMA-02-lowitziar_gema_low

2 Responses to (GEMA)

  1. leire says:

    ze textu polita Elena
    mila esker benetan

  2. leire says:

    ze mamitsua, ze betea eta
    ze bihotz


    berrirakurtzeko, berrirakurtzeko…

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

*